2011(e)ko azaroaren 1(a), asteartea

SPORT.ES ZIBER-HEDABIDEAREN ANALISIA

Ziberkazetaritza, ereduak eta genero berriak ikasgaiaren baitan, hedabide ezberdinek Interneten daukaten presentzia aztertzen ari gara. Kasu honetan, ziber-hedabideen analisia egitea egokitu zaigu. Datozen lerrootan Bartzelonako Sport  ziber-hedabidearen erradiografia egiten ahaleginduko naiz. Era berean, ziber-hedabidea hobetzen laguntzeko hausnarketa egitea da sarrera honen helburua.

Onarpen maila eta audientzia
Alexa-ko “Traffic Rank” izeneko web trafiko neurgailuak emandako datuen arabera, mundu mailako hedabideen artean 1.499 postuan dago –Espainiako hedabideen artean, berriz, 57. postuan agertzen da–. Marcarekin alderatzen badugu, Madrilgo ziber-hedabideak datu hobeak ematen ditu –mundu mailan 303 postuan dago eta Estatu mailan 10.ean–.

OJD Interactiva izeneko datu basean ere agertzen da. Bertan, 7.300.000 erabiltzaile dituela zehazten da –Marcak 33 milioi ditu–. Hala ere, emaitzen borroka horretan, Marcarekin baino El Mundo Deportivorekin lehiatzen du, biak ala biak F.C.Barcelona taldearen jarraipena egiten baitute. Kasu honetan, beti ere OJDren arabera, Sportek datu hobeak eman ditu; urtarrila eta iraila artean egunez egun 87.717 kazeta saltzen dituelako, MDk baino 3.000 gehiago.
 
Informazioarako sarbidea
Sport 13 ataletan banatzen da: Portada, Barça, Fútbol, Espanyol, Fútbol Internacional, Basket, Motor, Más deportes, Participa, Multimedia, Opinión, Directo eta Ocio. Atalkatze honetan, besteak beste, futbolari ematen dioten garrantzia agerian geratzen da. Bestalde, lau multzo bereizten direla nabarmenduko nuke: kirola, zortzi atalekin; parte-hartzea; hartzaileari modu aktibo batean parte hartzeko aukera emanez (participa eta opinión); multimedia (multimedia eta directo), eta azkenik, aisialdia.

Sport-en bilaketarako sistema hitzen araberakoa da. Bilatzailean hitz bat sartu –edo esaldi bat– eta hitz horrekin erlazionatutako informazioa agertzen da. Aurreko zenbakietako azalak edo albisteak bilatzeko Hemeroteka zerbitzua eskaintzen du, baina ez dago oso garatua. Gainera, hemeroteka zerbitzua ez dago erraz ikus daitekeen toki batean.

Arestian aipatu dugun moduan, Sport 13 ataletan banatzen da. Horrenbeste atal izatea nahasgarria suertatu daiteke, baina kasu honetan ziber-hedabideak web mapa egina du hartzailearen lagungarri.

Sport-eko edukiak aldatuz doaz. Kazetariek idatzi ahala argitaratzen dituzte, nahiz eta maiztasuna ez izan oso altua. Albiste berria sartu ahala, kazetariaren izen-abizena – zenbaitetan, ordea, erredakzioak  idatzita formula erabiltzen du, komunikabidearen izenarekin sinatuz– eta zein egun eta ordutan argitaratu den zehazten da. Hartzaileak ez du kazetariarekin harremanetan jartzeko biderik.

Interneteko erabiltzaileei paperezko edizioa PDFan ikusteko edo telefono mugikorrean deskargatzeko aukera ematen zaie. PDFen kasuan aurrez erregistratuta egotea eskatzen du. Ordaindu beharra dago gainera; eguneko 0,79 €; hilabeteko, 9,99 €; sei hilabeteko, 59,99 € eta urteko, 99,99 €.

Sport hiru hizkuntzetan irakur daiteke: gaztelera, katalana eta ingelesa. Bertsio originala gaztelerazkoa da, eta Google Traductor izeneko erreminta erabiltzen du itzulpenetarako. Itzultzaile automatikoa den neurrian itzulpenen kalitatea zalantzazkoa da.

Publizitateak tarte gutxi du eskaintzea dio; apenas lauzpabost iragarki ateratzen dira. Publizitatea ez da berezitua, mota guztietako publizitatea agertzen baita (telefonía mugikorra, autoa, elektrotresnak, eta abar). Hala ere, apustuak egitea ahalbideratzen duten web orrialdeak nabarmentzen dira. Badago beste publizitate mota bat; hartzailearekin feedback-a sortu nahian, zozketak egiten dituzte; esate baterako, film jakin baten publizitatea egiten da, baina irakurleari parte hartzeko aukera ematen zaio, zozketa batean parte hartzeko.



Ziber-hedabide honek RSS zerbitzua ahalbidetzen du. Google Reader bezalako erreminta erabiliz Sport-eko titularrak doan jasotzeko aukera dago. Titularrak, gainera, nahi izanez gero sailen arabera sailka daitezke eta hartzaileak aukeraketa egin dezake, nahi dituenak soilik jasotzeko. Hori bai, I-phone, Smartphone edo blackberry gailuetarako zerbitzurik ez du ematen.

Ziber-hedabidearen azpiko partean bada ere, Sport.es lantaldearen berri aurki dezakegu: editorea, zuzendaria, zuzendari-ordea, erredakzio buruak, egoitzen informazioa eta abar. Sport Zeta Taldeko egunkaria izanik, komunikazio taldea zuzentzen duen lantaldearen informazioa irakur genezake.

Eduki informatiboa
Sport ziber-hedabideak ez du azken albisteen atal bereziturik, albisteak iritsi ahala publikatzen dira. Jarraian, urriaren 19ko albiste garrantzitsuenak aztertu nahiko nituzke. Egun horretan Bartzelonak Txapeldunen Ligako partida jokatu zuen Camp Nou zelaian FC Viktoria taldearen aurka. Horixe zen, hain zuzen, eguneko albisterik garrantzitsuena. Hala ere, azterketa egiterako garaian ez zen maila gorenean zegoen albistea.

Albiste nagusiaren El Barça, a por una Victoria que acerque a los cuartos titularra zen. Azaleko albisteak hiru link ezberdinetara bideratzen gaitu: lehenik, albiste nagusira; bigarrenik, despieze batera, eta hirugarrenik, hartzaileari zuzendutako beste batera. Azken honek irakurleari hasierako hamaikakoa egiteko aukera eskaintzen dio, interaktibitatea sustatuz –notizia komentatzeko aukera ere badago, informazio-emaile eta informazio hartzailearen arteko feedback-a indartuz–. Informazio nagusi hori osatzeko, partidaren xehetasunak azaltzen dituen infografia bat dago. Hortaz, Sport ziber-hedabideak hipertestualitatea baliatzen duela esan genezake. 

Eguneko bigarren albistea Última sesión antes de recibir al Viktoria Plzen maila apalagoan dago. Hipertestualitaterik ez da ageri. Lehenengo mailan titularra eta argazkia baino ez dira ageri –iruzkina egiteko aukera ematendu–; batean zein bestean klikatu daiteke bigarren mailara iristeko  –lehenengo mailako eta bigarren mailako titularrak ez dira berak–. Bertan, loturarik ez dago, baina feedbacka ahalbideratzen du. Aukera ezberdinak ematen ditu: iruzkinak egin eta iruzkin horien aldeko edo kontrako botoak eman edo albistea sare sozialetan konpartitu (TW, FB…).

Albiste nagusian eta bigarren mailakoan ez da loturarik, hots, link-ik agertzen, ez ziber-hedabidera ez beste hedabide edo web orrialdetara.  

Azalean agertzen diren albisteez gain, erreportaje berezi bat ikus genezake. Kokapen aldetik ez du lehentasuneko tokirik, baina informazioa ondo landuta dago. Hain zuzen, 1 Formulari buruzkoa da. Mikrowebgune edo mikrosite formatua dauka eta edukiz oso ondo jantzita dago: sailkapena, gidarien informazioa, zirkuitu bakoitzaren ezaugarriak, eta abar.

Multimedia atala badauka. Bertan, argazkiak, bideoak, wallpaperrak (pantailara irudi pertsonalizatuak jartzeko aukera ematen duen erreminta) edo egunkariko azalak ikus daitezke. Multimediari dagokionez, home-ko zenbait notizietan bideoak ikusteko aukera ematen du.

Interaktibotasuna eta parte-hartzea sustatzeko erramintak
Sport ziber-hedabidea Web 2.0 aroan erabat murgilduta dago. Informazio emaile eta informazio hartzailearen arteko harremana ahalbideratzen dituen erremintak baliatzen ditu feedback hori sustatzeko: RSS, Delicious, Meneame, Facebook, Twitter… dira horietako batzuk. Facebook-en, esate baterako, 191.000 jarraitzaile dauzka, eta Twitterren, berriz, 87.827. Hildo beretik jarraituz, web 2.0 jarreraren beste adibide bat Directo izeneko atala da. Bertan, kirol ikuskizunen zuzeneko kontaketa egiten dute.

Erabiltzaileekin eta ziberhedabidearen arteko interaktibotasuna lortzeko bestelako erreminta hauek topatu ditugu: albisteak komentatzeko aukera, albisteak bozkatzeko aukera, inkestetan parte hartzeko aukera, argazkiak zein bideoak zintzilikatzeko aukera, elkarrizketa digitalak izateko aukera. Bestalde, albisteak postaz bidaltzeko edo inprimatzeko aukera ematen du.

Kolaboratzaile sareari arreta berezia eskaintzen zaio. Iritzia atalean biltzen ditu, besteak beste, iritzi artikuluak, blogak eta umorezko zintak. Atal honetan, gainera, hartzaileari protagonismoa ematen zaio eta bidaltzen dituzten eskutitzak publikatzen dituzte.

Amaitzeko, gehien irakurritako albisteei buruzko atal berezia duela aipatuko dut. Hiru ataletan banatzen du: egunekoa, astekoa eta hilekoa. Normalean, egunean gehien irakurria den albistea ziberhedabideak azalean jarrita duena da. Beste sailkapen batean, komentario gehien jaso dituzten, balorazio altuenak jaso dituzten eta gehien bidali dituzten albisteen sailkapena egiten du.

Ziber-hedabidea hobetzeko proposamena
Sport.es ziber-hedabideak, orokorrean, bere helburua betetzen duela  azpimarratuko nuke, hau da, F.C. Barcelona taldeko jarraitzaileak informatzea. Izan ere, bertan irakur daitezkeen albiste gehienak Barçarekin erlazionatutakoak dira. Hori aitortu ondoren, azterketa honetan antzemandako zenbait gabezia aipatu nahiko nituzke.
Hutsune aipagarriena maiztasunaren iruditu zait. Sport.es Barçaren jarraipena egiten duen ziber-hedabiderik salduena izanik, ez zait iruditzen informazio eguneratze hori lehentasunezkoa dutenik. Albiste batetik bestera dagoen denbora tartean F.C. Barcelonanak albiste gehiago sortzen ez dituenik sinesgaitza iruditzen zait. Eta zer esanik ez jarraitzen dituen bestelako informazioak kontuan hartzen baditugu. Zalantzarik gabe, etorkizunean hobetu beharreko esparrua da.
Sport.es ziber-hedabideak nabigatzeko estrategia landua du eta hartzaileak informazioa erraz topatzeko moduko antolaketa du. Hala ere, atalkatze sistema konplexuegia duela iruditzen zait. Hamahiru atal bereizten dira, eta horietako bakoitzak azpi-atalak dauzka. Nire iritziz, atalkatze sistema hori berrantolatu beharko luke kopurua murriztuz eta mikrowebguneak sortuz.
Mikrowebguneen harira, deigarria iruditu zait erreportaje bakarra topatzea. 1 Formulari buruzkoa da, eta edukia interesgarria bada ere, topatzen ez da batere erraza. Kazetari espezializatuak izanik, erreportajeak gehiago landu beharko lituzkeela pentsatzen dut. Zergatik? Batetik, hartzaileari informazio tematikoa eskaini behar zaiolako, eta bestetik, prestigioa irabazteko.
Hipertestualitatea ez dut landuegi ikusi. Lehen mailako eta bigarren mailako informazioa baino ez du eskaintzen; asko jota, albiste nagusiak bi edo hiru despieze eskaintzen ditu. Deigarria iruditu zait, halaber, albisteetan loturarik aurkitu ez izana. Lotura hauek beharrezkoak dira zenbait albisteren testuingurua kokatzeko eta hartzaileari informazio baten inguruko datuak eskaintzen dizkio, hausnarketarako argudio bideak erraztuz.

Multimediatasun kontzeptua, nire ustez, ez dago behar bezala landuta. Egia da ziber-hedabidean argazkiak eta bideoak aurki genitzakeela, baina antolaketa nahasgarria da eta irizpide falta nabaria. Izan ere, zenbait notizietan bideo osagarriak aurki genitzakeen bezala, antzeko beste albisteetan ez da bideorik ageri. YouTuben kanal propiorik ez izatea deigarria da ere.

Bestalde, ONO Radio izeneko irratsaioa egiten dutenez, irratsaioari presentzia handiago emango nioke. Home-an galduta geratzen da, eta bertako audioak ez daude oso eskuragarri.

Amaitzeko, hartzailearekin interaktibitatea hobetzeko gomendio bat luzatu nahiko nuke. Aitortu beharra dago ziber-hegunkariak web 2.0 jarrera aintzat hartzen duela, eta hartzailea protagonista bihurtzeko kanal ugari eskaintzen dituela. Hala ere, kazetariarekin harremanetan jartzeko bide bat zabaltzea.






iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina