2011(e)ko urriaren 17(a), astelehena

Ikaslea eta irakaslea

Aitor Azkonobieta

Azaroan hiru urte beteko dituen semeari lau gurpildun bizikletan nola ibili behar duen irakasten aritu nintzen larunbat goizean. Olentzerok ekarritako bizikleta estreinatu gabeari hautsa kendu ondoren, garajeko aterpearen eta lasaitasunaren babesean eman zituen Manexek bere lehen pedal-kolpeak.

Kaskoa jantzi, bizikleta gainean eseri eta ohartzerako, behetik gora begira neukan adi-adi, nire aholkuak entzun eta esperientzia berriari ekiteko listo. “Pedalei eragin”, “aurrera begiratu”, “jira ezkerretara, jira eskuinera”, “pareta jo aurretik frenatu” eta nola ez, “kontuz!!!”, mila bat bider, goitik behera.

Garajeari bi itzuli eman orduko, hirugarrena ematera zihoala honela esan zidan: “aita, orain hemen geratu, bakarrik emango dut hurrengo itzulia”. Edo oso irakasle ona naiz edo segituan aspertu zen konpainiarekin.

Goizeko pasartea gogora etorri zitzaidan arratsaldean, Andoaingo Bastero Kulturguneko oholtza gainean Amaia Agirre eta Ane Labaka elkarren ondoan ikustean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako lehenengo kanporaketan. Amaia Aneren bertso irakaslea izan da urtetan, eta momentu batez biak irudikatu nituen “margaritak” egiten, errimategia aberasten, argudioak lantzen, doinu berriak deskubritzen… Ane behetik gora eta Amaia goitik behera.

Manexek bere lehenengo pedal-kolpeak eman zituen larunbatean; Ane estreinakoz ari da Gipuzkoako Txapelketa Nagusian kantatzen. Anek dagoeneko ez du Amaiaren beharrik bere bertso ibilbidea urratzeko –oraindik ere aholku eske gerturatuko zaion arren–; Manexek, ordea, nire beharra izango duelakoan nago lau gurpiletik bi gurpiletarako saltoa egiteko.

Agurreko bertsoan Anek aitortu bezala, Amaia eta bera bertso irakasle-ikasle izatetik lagun izatera pasa dira. Niri ere gustatuko litzaidake urte batzuen bueltan Manexen ahotik “nire laguna” izan nahi duela entzutea.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina