2011(e)ko urriaren 31(a), astelehena

Web 2.0, jarrera kontua

Erabiltzaileen partehartzean eta informazio trukaketan oinarritzen diren Interneteko web zerbitzuei deitzen diegu web 2.0. Lehenengo erreferentziak 2004 urtekoak dira, Tim O´Reilly irlandarrak eta bere lan-taldeak kontzeptua aurkeztu zutenekoak. 

WEB 2.0k Internet hankaz gora jarri du, izugarrizko iraultza ekarriz. Mezu igorle eta hartzaile tradizionalak desagertu dira; sarean komunikazioa aldebakarrekoa izatetik, aldeaniztuna izatera pasa delako.

Horren erakusgarri, egungo webgune guztiek eskaintzen diote erabiltzaileari elkarreragiteko aukera: iritzia emateko, sare sozialetan albiste/artikulu/argazkiak zabaltzeko edota edukiak sortzeko.

Plataforma ezagun asko daude Web 2.0 delakoaren baitan: Identi.ca, Wikipedia, Sustatu, Zuzeu... Erreminta horiek komunitatea ulertzeko modua aldatu dute bere zerbitzura jarri dira eta jakituria eta aberastasuna partekatuz.

Teknologia etengabeko eraldaketa prozesuan dago. Gure zerbitzura erreminta interesgarriak jartzen ditu, eta horietan sakondu behar dugu, ezagutza areagotu eta ahalik eta onura gehien atera. WEB 2.0k aukera hori ematen digu, eta aprobetxatzen jakin behar dugu. Azken finean, WEB 2.0 jarrera kontua delako.


 

2011(e)ko urriaren 17(a), astelehena

Ikaslea eta irakaslea

Aitor Azkonobieta

Azaroan hiru urte beteko dituen semeari lau gurpildun bizikletan nola ibili behar duen irakasten aritu nintzen larunbat goizean. Olentzerok ekarritako bizikleta estreinatu gabeari hautsa kendu ondoren, garajeko aterpearen eta lasaitasunaren babesean eman zituen Manexek bere lehen pedal-kolpeak.

Kaskoa jantzi, bizikleta gainean eseri eta ohartzerako, behetik gora begira neukan adi-adi, nire aholkuak entzun eta esperientzia berriari ekiteko listo. “Pedalei eragin”, “aurrera begiratu”, “jira ezkerretara, jira eskuinera”, “pareta jo aurretik frenatu” eta nola ez, “kontuz!!!”, mila bat bider, goitik behera.

Garajeari bi itzuli eman orduko, hirugarrena ematera zihoala honela esan zidan: “aita, orain hemen geratu, bakarrik emango dut hurrengo itzulia”. Edo oso irakasle ona naiz edo segituan aspertu zen konpainiarekin.

Goizeko pasartea gogora etorri zitzaidan arratsaldean, Andoaingo Bastero Kulturguneko oholtza gainean Amaia Agirre eta Ane Labaka elkarren ondoan ikustean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako lehenengo kanporaketan. Amaia Aneren bertso irakaslea izan da urtetan, eta momentu batez biak irudikatu nituen “margaritak” egiten, errimategia aberasten, argudioak lantzen, doinu berriak deskubritzen… Ane behetik gora eta Amaia goitik behera.

Manexek bere lehenengo pedal-kolpeak eman zituen larunbatean; Ane estreinakoz ari da Gipuzkoako Txapelketa Nagusian kantatzen. Anek dagoeneko ez du Amaiaren beharrik bere bertso ibilbidea urratzeko –oraindik ere aholku eske gerturatuko zaion arren–; Manexek, ordea, nire beharra izango duelakoan nago lau gurpiletik bi gurpiletarako saltoa egiteko.

Agurreko bertsoan Anek aitortu bezala, Amaia eta bera bertso irakasle-ikasle izatetik lagun izatera pasa dira. Niri ere gustatuko litzaidake urte batzuen bueltan Manexen ahotik “nire laguna” izan nahi duela entzutea.

2011(e)ko urriaren 10(a), astelehena

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenak erabakita geratu dira

Aitor Azkonobieta

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako kanporaketak amaituta, erabakita geratu dira final-laurdenetarako saioak. Atzo arratsaldean jokatu zen final-zortzirenetako zazpigarren eta azken kanporaketa Irungo Amaia Antzokian, eta Alaia Martinek eta Haritz Casabalek lortu zituzten azken txartelak; Alaiak lehenengo postua eskuratuta lortu zuen , eta Haritzek berriz, batutako puntuazioari esker.

Final-laurdenetan hogeita hamar bertsolari ariko dira. Bost kanporaketa jokatuko dira -lehenengoa hilaren 22an Oñatiko Zubikoa kiroldegian- eta hemezortzi bertsolari sailkatuko dira final-erdietarako; kanporaketa bakoitzeko irabazleak eta puntuazioaren arabera puntu gehien batzen dituzten hamaika bertsolarik. Finala abenduaren 18an jokatuko da Donostiako Illunbe zezen plazan.

2011(e)ko urriaren 9(a), igandea

Amaiurri lau parlamentari ematen dizkiote lehenengo inkestek

Aitor Azkonobieta

Amaiur koalizioari lau parlamentari ematen dizkiote lehenengo inkestek. Aralarrek, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta ezker abertzaleak koalizioa aurkezteko egindako agerraldi publikotik astebete pasa ez denean, electrometro.com web guneak lau parlamentari ematen dizkio azaroaren 20ko Espainiako hauteskunde orokorretan. Amaiur koalizioak datorren astean aurkeztuko ditu zerrenda-buruak eta Txelui Moreno ezker abertzaleko ordezkariak iragarri duenez, “oso izen garrantzitsuak” daude. 


2011(e)ko urriaren 5(a), asteazkena

Vozme

Las listas de tops son un método simple que tienen los profesores y los
alumnos para aprovechar los recursos de Internet centrándose en una
materia determinada. Al fin y al cabo, sólo se trata de elaborar listas
de sitios web que tratan de un tema concreto. Suelen ser preparadas y
trabajadas por el profesor o por el alumno con la finalidad de lograr
encontrar lo mejor de los mejor dentro de una lista con más o menos
hiperenlaces y con un breve comentario argumentativo de la elección.
Está claro que con las listas de tops se enseña al estudiante a hacer
selecciones correctas y a trucarlas posteriormente para su discusión.
Los alumnos y los profesores construyen una base de datos de favoritos o
bookmarks que todos los años se renueva, valiéndose de herramientas de
la web 2.0 como Diigo, iFavoritos o Blinklist.



2011(e)ko urriaren 3(a), astelehena

Hamabost urteren bueltan berriro Leioan

Badira hamamost urte Kazetaritzan lizentziatu nintzela. Orduz geroztik ez naiz gehiagotan izan Leioako unibertsitatean. Gaur, hasiberrien ilusio eta urduritasunarekin, Leioara itzuli naiz Komunikazio Multimedia Masterreko lehenengo klase egunera. Egia aitortu behar badut, nire burua lekuz kanpo dagoen irudipena dut; denbora kontua izango delakoan, esperientzia aberasgarria izatea nahiko nuke.

http://youtu.be/knB875pj_cY