2011(e)ko abenduaren 12(a), astelehena

Negarra vs imajinazioa


Euskarazko Komunikazio Multimedia eta Digital (MM&D) hedabideen eskaintza, orokorrean, oparoa eta kalitatezkoa dela esango nuke. Gure txikitasunean, euskal hiztunon kopuruaz ari naiz –Eusko Jaurlaritzak 2009ko apirilean kaleratu zuen IV. Mapa Soziolinguistikoaren arabera Euskal Herri osoko hiztun kopurua 863.000koa da–, egitasmo interesgarri eta arrakastatsuak bideratu direlakoan nago; bi adibide aipatzearren, Goiena Komunikazio Taldea eta Sustatu Interneteko albistegia nabarmenduko nituzke, baina ez dira bakarrak.

Urte gutxi batzuen bueltan, euskarazko MM&D hedabideek “hedabideen mapa ideala” osatuz joan dira; dibertsitatea –askotariko hedabideak ditugu–, normaltasuna –egunerokotasunaren parte dira–, euskarrien aniztasuna –egunkariak, aldizkariak, Interneteko web-guneak, telebistak eta abar–, elkarkidetza –horren gustuko dugun feedback-a ahalbideratzen dute–, informazio orokorra –Berria hor daukagu–.

Baina hutsuneak ere badira. “Zeinen onak garen” edo “zeinen ondo egiten ditugun lanak” eta antzeko esaldiekin belarriak goxatzea ongi dago, baina ikuspegi kritikoa lantzea are aberasgarriagoa da, batez ere hobetzeko denean. Zentzu honetan, bi gabezia azpimarratu nahi nituzke: batetik, informazio espezializatuarena. Badira halako gai konkretu edo zehatzak lantzen dituzten hedabideak, Elhuyar Zientzia aldizkaria kasu, baina ez dira asko. Zentzu horretan, eta Euskal Herrian kirolarekiko dugun zaletasuna kontuan hartuta, apenas lantzen den esparrua dela iruditzen zait. Helburuko publikoa ez litzateke faltako.

Bigarren gabezia, larriena, auto-finantzazioarena da. Sentsazioa daukat euskal hedabideentzat instituzioetatik jasotzen dituzten diru-laguntzak ezinbestekoak direla, beharrezko makulu. Merkatu mugatua izanik, irakurle kopurua hala delako, publizitatea saltzetik lortzen diren diru-iturriak ez dira nahikoak halako hedabideak sostengatzeko.

Egoera horren aurrean bi jarrera daude. Negar egitea edo imajinazioa lantzea. Imajinazioa landu eta finantzazio bide berriak zabaltzea, sinergiak lantzea, baliabideak optimizatzea, sare sozialek eskaintzen dituzten plataforma berriak probestea… Negar gehiegi egiten dugulakoan nago, ordea.


Follow the leader

Nerabeak, Interneteko Sare Sozialak eta Euskara txostenak Bilboko nerabeek sare sozialetan gazteleraz komunikatzeko joera dutela ondorioztatzen du. Egia da Bilbo ez dela euskal hiztun gehien dituen hiria, eta badirela beste hiri eta herri “euskaldunagoak”. Euskal hiztun gehiago bizi diren herri eta hirietako nerabeen artean tendentzia –zenbaitek moda deituko dio– hori gailentzen ez ote den beldur naiz, ordea.

Izan ere, ez dago erreferenterik. Euskaraz jarduten duten tokian tokiko komunikabideek bere garaian euskal irakurleok geneukan gabezia betetzen asmatu zuten bezala –garai berrietara egokitzen asmatu dute gainera–, teknologia berriek, batez ere Tuenti, Facebook edo sare sozialek, zabaldu duten bidean nerabeak gidatzeko artzainen hutsunea sumatu dut.

Pirritx, Porrotx eta MariMotots pailazo taldea haurrentzat; Mihiluze SMSen alorrean; Anjel Alkain eta bere lantaldea umorearen esparruan edo Ken Zazpi, bakar bat esatearren, musikan erreferente argiak dira. Alabaina, ez dut ezagutzen nerabeak eta euskara sare sozialetan elkartuko dituen uztarririk.

Horrekin ez dut esan nahi ez direla existitzen, baina beste esparru horietan euskararen erabilera modu ludiko eta jolasgarrian zabaltzeko erreferenteak identifikatu eta bultzatu behar ditugu. The Soca Boys taldeak horren famatu egin zuen Follow the leader abestia gogora etorri zait, erreferenteak, liderrak behar ditugulako. Nerabeek jarraituko dituzten liderrak. Sare sozialetan euskararen presentzia bermatuko duten liderrak. 



2011(e)ko abenduaren 4(a), igandea

Uhinbak, mugikorrean euskarazko irratiak entzuteko aplikazioa

Uhinbak edonon eta edonoiz mugikorrean euskarazko irratiak entzuteko aplikazioa da. Kode libreko aplikazioa, doakoa alegia, momentuz hamar dira aplikazio honen bidez entzun daitezkeenak: Antxeta Irratia, Bilbo Hiria Irratia, Bizkaia Irratia, Euskal Irratiak –Gure Irratia, Antxeta Irratia, Xiberoko Botza eta Irulegiko Irratia–, Euskalerria Irratia, Hala Bedi Irratia, Ttan Ttakun Irratia, Txolarre Irratia, Xiberoko Botza eta Xorroxin Irratia
Antxeta Irratiak eta Fitbak  enpresak elkarlanean loratutako egitasmoa izan da, Berria Fundazioaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Internetera konexioa duten sakelekoen etengabeko gorakada ikusiz, teknologia euskararen zerbitzura jarri nahi izan dute beste hizkuntza askok jada bazeukaten bozgorailua eskainiz. Aplikazioaren helburua honakoa da: streaming teknologia erabiliz Interneterako sarbidea duten sakelakoetan euskal irratiak entzun eta telebista ikusteko aplikazioa garatzea. Aplikazioa garatu dutenen hitzetan, egitasmoa hirukoitza da: entzun, irakurri eta ikusi. Entzun, streaming teknologiaren bidez; ikusi, euskal telebistekin –irratiekin egindako antzeko zerbait egin nahi baitute etorkizunean, eta irakurri, RSS jarioen bidez (zuzenean aplikaziora).

Aplikazioa
Erabiltzeko erraza da aplikazioa, edukietatik informazioaren arkitekturaraino guztia modu sinple eta intuitiboan baitago diseinatuta. Aplikazioak eskaintzen dituen zerbitzuak baliatzeko sakeleko telefonoa –multimedia edukiak erreproduzitu eta interneten nabigatzeko prestatu dagoena (Android /Iphone)– eta Interneterako konexioa baino ez dira behar.
Mac erabiltzen dutenek (iPhone, iPad edota ordenagailuak), eskuragarri dute App store-an. Android sistema eragilea erabiltzen dutenek, berriz, Android market-ean daukate: bilatu, deskargatu eta instalatu besterik ez da egin behar. Aplikazioa Uhinbak  webgunean ere eskura daiteke.


2011(e)ko azaroaren 1(a), asteartea

SPORT.ES ZIBER-HEDABIDEAREN ANALISIA

Ziberkazetaritza, ereduak eta genero berriak ikasgaiaren baitan, hedabide ezberdinek Interneten daukaten presentzia aztertzen ari gara. Kasu honetan, ziber-hedabideen analisia egitea egokitu zaigu. Datozen lerrootan Bartzelonako Sport  ziber-hedabidearen erradiografia egiten ahaleginduko naiz. Era berean, ziber-hedabidea hobetzen laguntzeko hausnarketa egitea da sarrera honen helburua.

Onarpen maila eta audientzia
Alexa-ko “Traffic Rank” izeneko web trafiko neurgailuak emandako datuen arabera, mundu mailako hedabideen artean 1.499 postuan dago –Espainiako hedabideen artean, berriz, 57. postuan agertzen da–. Marcarekin alderatzen badugu, Madrilgo ziber-hedabideak datu hobeak ematen ditu –mundu mailan 303 postuan dago eta Estatu mailan 10.ean–.