2011(e)ko abenduaren 30(a), ostirala

Menderakaitzak irrati nobela: ausartzen zara parte hartzera?

Sormen Irratia ikasgairako produktu transmedia bat ari gara lantzen. Horretarako, Kukuxumuxuk atera berri duen Menderakaitzak kamisetan oinarritu gara. Bertan, Euskal Herriko historiako 44 emakume bildu dituzte. Hau ez da, ordea, produktu bukatu bat eta zure laguntza behar dugu istorioa amaitzeko.

Gure protagonistak, Maddik, bidaia berezi bat egingo du denboran zehar eta aurretik aipatutako emaku
me horietako batzuk ezagutuko ditu. Haiei buruz ezer gutxi daki, beraien izen abizenak eskuliburuetan agertzen ez direlako. Ziurrenik zuk ere ez dituzu ezagutuko. Jakin badakigu asko eta asko falta direla. Nork egon beharko luke? Zergatik?

Anima zaitez eta egin zure ekarpena gure istorioa borobiltzeko, ezinbestekoa dugu-eta!

2011(e)ko abenduaren 24(a), larunbata

Euskara Interneten: ur ttantta itsaso zabalean?

“Euskara putzu sakon eta ilun bat zen, eta zuek denok ur gazi bat atera zenuten handik nekez. Orain zuen bertutez zuen indarrez, euskara itsaso urdin eta zabal bat izanen da eta guria da”. Guk euskaraz, zuk zergatik ez abestirako Urkok 1976. urtean musikatu zituen Gabriel Arestiren hitzak burura etorri zaizkit joan den asteartean Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean jarraitu nuen Euskararen komunitate birtualak  mahai-inguruko nire blogerako sarrera idazten hasi naizenean.

Euskarazko webguneen sustapenean aitzindariak izan diren, eta diren, sei aditu gonbidatu zituzten: Luistxo Fernandez (Sustatu), Lander Arbelaitz (Argia) , Hasier Etxeberria (ZuZeu) , Idurre Eskisabel (Berria), Maite Goñi (Euskal Jakintza) eta Lontxo Sainz (EITB). Besteak beste, sareko teknologia berriek euskaldunen arteko harreman-sarea trinkotzean joka dezaketen rolaz, euskara hizkuntza gutxitua izanik Interneten izan dezakeen bilakaeraz, nerabe eta gazteak online komunitatera erakartzeko estrategiaz edota Hizkuntza Politikaz aritu ziren ordu eta erdi luze iraun zuen mahai-inguru mamitsuan.

Esandako guztiak ezin jaso, Lander Arbelaitzen emandako datu batek bereganatu zuen nire arreta. “Munduan 6.000 hizkuntza inguru daude, eta wikipedian sarrera gehien dituzten hizkuntzen sailkapenean euskara 43. hizkuntza da”. Horren harira, Maite Goñik “Interneten euskararen presentzia dagokiguna baino handiagoa” dela nabarmendu zuen, eta baieztapena arrazoitzeko “lana, lana eta lana” aipatu zituen. Alegia, euskal komunitate bat egon badagoela, eta gainera lanerako borondatea baduela.

Lontxo Sainzek Goñiren baieztapena indartu zuen. EITBko Community Manager taldeko arduradunak joan den urtean atzerriko aditu talde baten bisita jaso zutela kontatu zuen; euskal komunitatearen parte-hartze mailarekin harrituta joan omen ziren. Sainzen hitzetan, aditu taldearen ondorio nagusia honakoa izan zen: “Euskara hizkuntza gutxitua izan arren, Interneteko presentziak ez du halakorik adierazten”.

Lander Arbelaitzen iritziz zeregin horretan bide onetik goaz, baina urrats biziak ematen jarraitu behar dugu. Bilakaera hori posible egiteko “euskararen funtzionaltasuna areagotzen hasi behar dugu, gazte eta nerabeak erakarriko dituzten erregistro informalak sortuz eta paisaia linguistikoa euskaldunduz”. Internetez eta sare-sozialez ari zen.

Mahai-inguruan parte hartu zuten gainontzeko hizlariak bat etorri ziren Arbelaitzek adierazitakoarekin. Gogoa, nahia eta komunitate dinamikoa badaudela azpimarratu zuten, baina era berean, hizkuntza politika eraginkorrik ez dagoela salatu zuten. Luistxo Fernandezek, esaterako, “gure interesen aurkako hizkuntza politika” bideratzen ari direla salatu zuen eta “Interneten euskararen presentzia sustatzeko diru laguntzak lehenetsi zituen “porlanerako bideratzen direnen aurretik”. Hasier Etxeberriak ere ezinbestekotzat jo zuen administrazioaren esku-hartzea, “argi baitago publizitatearekin ezin garela urrutira iritsi”. 

Idurre Eskisabel guztien artean eszeptikoena izan zen. “Interneteko itsasoan euskara ur ttantta bat” baino ez dela eman zuen aditzera, eta “euskarak muga asko dituela”. Agian ez du arrazoi faltarik, baina adituen hitzak entzun ondoren, nire ondorioa bestelakoa da. Eta Urkoren abestia teknologia berrien arora ekarrita, euskara itsaso urdin eta zabala bihurtzeko ahalegina egiteak merezi du.

Sekretu handirik ez dago. Norberak bere esparrutik, euskararen presentzia indartu behar dugu Interneten. Euskal komunitatea txikia izango da, baina gure arbasoek auzolanean aritzea zer den ondo irakatsi digute. Badirudi administrazioaren ekarpena, ekonomikoa, alegia, ez dela nahi adinakoa izango, baina adituak/programatzaileak eta erabiltzaileak bide beretik bagoaz –lehenak euskarazko programaketa aplikazioak sortzen, eta bigarrenak, horiek lehenesten eta erabiltzen– Interneteko itsaso urdin eta zabalean euskarazko olatuetan surfean aritzeko aukera izango dugu.

2011(e)ko abenduaren 21(a), asteazkena

Negua New Yorken

Irrati era berriak: sormen irratia irakasgairako egindako audio edizioaren emaitza da honokoa. Audacity programarekin egindakoa da, eta arretaz entzuten baduzue, teknikoki ez dela batere zuzena ohartuko zarete. Pozik nago emaitzarekin, ordea. Lehenengo esperientzia izan da halako zerbait egiten, eta gutxienez buruan neukana islatuta ikusi dut. Hain zuzen, negu hotzean kalean hiltzen direnei omenalditxoa egin nahi izan diet Mikel Laboaren Gaberako aterbea abestia baliatuz (barkatuk dit Mikelek). Agian, inork entzungo balu, azaldutakoaren arrastorik ez luke antzemango, baina tira, ikasten goazen neurrian lan hobeak egingo ditugu.


Hemen doa testua

2011(e)ko abenduaren 12(a), astelehena

Negarra vs imajinazioa


Euskarazko Komunikazio Multimedia eta Digital (MM&D) hedabideen eskaintza, orokorrean, oparoa eta kalitatezkoa dela esango nuke. Gure txikitasunean, euskal hiztunon kopuruaz ari naiz –Eusko Jaurlaritzak 2009ko apirilean kaleratu zuen IV. Mapa Soziolinguistikoaren arabera Euskal Herri osoko hiztun kopurua 863.000koa da–, egitasmo interesgarri eta arrakastatsuak bideratu direlakoan nago; bi adibide aipatzearren, Goiena Komunikazio Taldea eta Sustatu Interneteko albistegia nabarmenduko nituzke, baina ez dira bakarrak.

Urte gutxi batzuen bueltan, euskarazko MM&D hedabideek “hedabideen mapa ideala” osatuz joan dira; dibertsitatea –askotariko hedabideak ditugu–, normaltasuna –egunerokotasunaren parte dira–, euskarrien aniztasuna –egunkariak, aldizkariak, Interneteko web-guneak, telebistak eta abar–, elkarkidetza –horren gustuko dugun feedback-a ahalbideratzen dute–, informazio orokorra –Berria hor daukagu–.

Baina hutsuneak ere badira. “Zeinen onak garen” edo “zeinen ondo egiten ditugun lanak” eta antzeko esaldiekin belarriak goxatzea ongi dago, baina ikuspegi kritikoa lantzea are aberasgarriagoa da, batez ere hobetzeko denean. Zentzu honetan, bi gabezia azpimarratu nahi nituzke: batetik, informazio espezializatuarena. Badira halako gai konkretu edo zehatzak lantzen dituzten hedabideak, Elhuyar Zientzia aldizkaria kasu, baina ez dira asko. Zentzu horretan, eta Euskal Herrian kirolarekiko dugun zaletasuna kontuan hartuta, apenas lantzen den esparrua dela iruditzen zait. Helburuko publikoa ez litzateke faltako.

Bigarren gabezia, larriena, auto-finantzazioarena da. Sentsazioa daukat euskal hedabideentzat instituzioetatik jasotzen dituzten diru-laguntzak ezinbestekoak direla, beharrezko makulu. Merkatu mugatua izanik, irakurle kopurua hala delako, publizitatea saltzetik lortzen diren diru-iturriak ez dira nahikoak halako hedabideak sostengatzeko.

Egoera horren aurrean bi jarrera daude. Negar egitea edo imajinazioa lantzea. Imajinazioa landu eta finantzazio bide berriak zabaltzea, sinergiak lantzea, baliabideak optimizatzea, sare sozialek eskaintzen dituzten plataforma berriak probestea… Negar gehiegi egiten dugulakoan nago, ordea.