2012(e)ko otsailaren 19(a), igandea

Ahozku testuen itzulpena: jatorrizkoaren ezaugarriak errespetatu

Ahozko testuen itzulpena egiten dugunean jatorrizko bertsioaren ezaugarriak errespetatu behar dira. Batez ere erregistro maila eta hartzaileak dira aintzat hartu beharrekoak. Lantzen ari garen gaia, formaltasun maila, emitituko dugun kanala edo komunikazio xedea ahaztu gabe, noski. Helburua kalitatezko itzulpenak sortzea da, eta kalitateaz ari garenean zuzentasunaz, jatortasunaz eta egokitasunaz ari gara.

Telediario TVE 11 septiembre 2001 pasartea gazteleratik euskarara itzultzeko eredu egokiena normatibizatzailea da. Espainiako telebista publikoak emititzen duen albistea da; hau da, espainiar guztiei –hartzailea– zuzendutako produktua. Helburua, beraz, erabat informatiboa izango da. Albiste hori Euskal Telebistako euskarazko albistegira ekarriz, guztiok ulertuko dugun hizkuntza estandarra erabili behar da, euskara batua.

Kontuan hartu behar dugun bigarren aldagaia erregistroa da. Kasu honetan, erregistro formala hautatuko dugu. EiTBko albistegiari notizia izan den moduan kontatzea tokatzen zaio, neutraltasuna mantenduz. Albistegia izanik, zuzentasun gramatikala eta zuzentasun akademikoa zaindu beharrekoak dira.

Pasarte honek, ordea, badu kontuan hartu beharreko beste aldagai bat. Atentatuaren irudiak zuzenekoak dira, eta kazetaria bat-bateko kontakizuna egiten ari da. Zenbait unetan ematen diren isiltasunak edota bestelako ez-ohiko egoerak (grabazioa) bigarren maila batean geratzen dira, zuzeneko irudiek hartzen dute erabateko protagonismoa.





Torrente, el brazo tonto de la ley filmaren pasartea itzultzeko eredu normalizatzaile kualitatiboa hautatuko dut. Bi pertsonaien ezaugarri soziolinguistikoak aztertu behar dira: Torrente eskrupulurik gabeko polizia da, zakarra, kultur maila eskasekoa eta kaleko hiztegia erabiltzen duena (biraoak, hizpide dituen gaiak, eta abar). 

Laguntzailea, berriz, Torrente miresten duen auzoa da. Bataren eta  bestearen hizkuntza ezaugarriak guztiz desberdinak dira, laguntzaileak erregistro formalean hitz egiten baitu. Gaztelerazko bertsioan ezaugarri horien arteko talka are nabarmenagoa da; Torrentek hika hitz egiten duen bitartean, laguntzaileak zuka egiten duelako.

Ezaugarri horiek eta entretenimenduzko filma dela kontuan hartuta, zuzentasuna gramatikal zein akademikoa baztertu eta jatortasuna eta egokitasuna errespetatu behar dira pertsonaien pare jartzeraino.
 



 
Fuga de cerebros filma, aurrekoa bezala, entretenimenduzkoa da. Lagun koadrila gazte baten abenturak ekartzen dizkigu. Protagonistak kontuan hartuta, eta bere soslaia aztertuta, itzulpen lana egiteko eredu normalizatzaile kuantitatiboa hautatuko nuke. Hau da, gaur egun edozein gazte koadrilak erabiltzen duen lagunarteko hizkera. 

Hala ere, pertsonaia bakoitzaren berezitasunak kontuan hartu  behar dira, eta honako mailaketa egingo nuke: ijitoa eta gurpildun aulkian dagoen mutila; protagonista/narratzailea eta beste bi lagunak (itsua eta liderra). Lehenengo bien kasuan, lagunarteko hizkuntza beste ezaugarriren batekin nabarmendu behar da (euskalkien erabilera); protagonista/narratzaileak, berriz, maila jasoago batean hitz egingo du,  beti ere kaleko hizkuntza errespetatuz. Azkenik, beste bi protagonistak tartean kokatuko nituzke. Edozein kasutan, lagunarteko hizkuntza da pertsonaia guztien elkargune. 



 
 

2012(e)ko otsailaren 18(a), larunbata

Bost urrats hizkuntza kalitatea kudeatzeko


Kalitatea kudeatzeko sistemak behar-beharrezkoak dira edozein jardueratan. Berdin dio altzariak egiten dituen lantokia izan edo abokatu bulegoa izan, enpresaren etorkizuna ziurtatzeko eskaintzen ditugun produktuen edo zerbitzuen kalitatea bermatzea derrigorrezkoa da, are gehiago krisi garaiotan.

Testuinguru horretan kokatu behar ditugu komunikabideetako hizkuntzakalitatea kudeatzeko sistemak. Ez dago komunikabide guztientzat baliagarria izan daitekeen eredu bakar bat; hizkuntza kalitatea kudeatzeko sistemak neurrira diseinatu eta garatu behar dira zenbait irizpide kontuan hartuta: testuinguru soziolinguistikoa, komunikabidearen baliabideak, komunikabidearen helburuak, eta abar.

Prozesu honen beste ezaugarrietako bat aldakortasuna da. Sistemak diseinatu eta garatzea garrantzitsua izanik ere, eguneratzea ezinbesteko aldagaia da; hizkuntzaren arauak eta erabilerak etengabeko eraldatze prozesuan daude –hizkuntza bizirik dagoen seinale–, eta hizkuntzaren kalitatea sustatu nahi badugu, etengabeko aldaketa horri erreparatu behar diogu ezinbestean. Ez hori bakarrik, hedabideak beti izan baitira hizkuntzen berritzaile eta eraldatzaile. 

Hortaz, hizkuntza kalitatea bermatu ahal izateko prozesu egituratu eta zehaztu bat ezarri behar da, eta prozesu horren jarraipena egin behar da. Arestian aipatu dugu eredu unibertsalik ez dagoela; komunikabide bakoitzak bere kalitate sistema definitu behar du. Jarraian, ereduak definitzerakoan kontuan hartu beharrezko zenbait irizpide:

1. Hizkuntza-eredua. Komunikabide bakoitzak bere hizkuntza-eredua definitu behar du, hau da, bere produktuek kalitate mailari eusten dioten ebazteko ezinbesteko erreferentzia (abiapuntua, helburuak, plangintza, irizpideak…). Ez baita gauza bera, esate baterako, Berrian idaztea edo Ttipi Ttapan idaztea.

2. Kalitate-kontrola. Lehenengo urratsa eman ondoren, kalitatea bermatzeko prozesua egituratu eta martxan jarri behar da. Horretarako, beharrezkoak diren pertsonak, tresnak eta bestelako baliabideak antolatu behar dira.

3.- Ebaluazioa. Ezarri dugun sistema balekoa den ala ez jakiteko, hurrengo urratsa ebaluazio prozesua abiaraztea da. Eta beharrezkoa den guztietan, egokitzapenak edo aldaketak egin beharko dira.

4.- Baliabide teknolinguistikoak. Langile orok izan behar du prozesu honen partaide, nahiz eta bakoitzak duen betekizun mailaren arabera esku-hartzea modu batekoa edo bestekoa izan. Eta puntu honetan, baliabide teknolinguistikoak aipatu behar ditugu (kontsulta-guneak, corpusak, estilo liburuak, eta abar). Hizkuntza kalitatea kudeatzeko sistema ezartzeko ardura dutenek tresna baliagarriak jarri behar dituzte langileen eskura, eta azken hauek, horiez ezagutu eta aplikatzen ikasi behar dute.

5.- Parte hartzea ezinbestekoa  da. Zuzendaritzak, hizkuntza kalitatea kudeatzeko sistemak ezartzeko erabakia hartuko du; hizkuntzalariek, prozesua definituko dute; zuzentzaileek, kontrol-lana egingo dute; eta azkenik, kazetariok egunerokotasunean aplikatu beharko ditugu komunikabideak ezarri dituen kontrol sistemak. Eta horretarako, arauak eta baliabideak ezagutu behar ditugu ezinbestean.

Produktuen eta zerbitzuen kalitatea bermatzea ezinbestekoa dela esanez abiatu dut gogoeta. Komunikabidearen izen ona dago jokoan; gure zeregina informatzeaz baina haratago baitoa, izan ere, gure jarduna eredugarria izan liteke hartzailearentzat, bere kezkak eta zalantzak argitzeko ispilu egokia baikara. Profesionalak garen neurrian, gure irakurleek ez bezala, kalitatea kudeatzeko sistemak ezagutzera derrigortuak gaude.  

 

2012(e)ko urtarrilaren 15(a), igandea

Menderakaitzak: Euskal Herriko emakumeen eskutik historian bidaia

Amaitu dugu Menderakaitzak. Irrati nobelan Euskal Herriko emakumeen eskutik historian bidaiatu dugu: inkisizioaren garaia ezagutu dugu Graxianarekin; Gerra Zibilarena Maravillas Lambertorekin, eta gaur egungo kontuak ekarri ditugu Maialen Lujanbiorekin.

Mila esker sare sozialen bidez gure istorioa osatzen lagundu diguzuen guztioi. Azken emaitza ezagutu nahi baduzue, play eman eta arretaz entzun.



2012(e)ko urtarrilaren 6(a), ostirala

www.txintxarri.info web gunearen argi-ilunak

Euskarazko Komunikazio Multimedia eta Digitalen (MM&D) analisia egiteko Lasarte-Oriako www.txintxarri.info agerkari digitala aukeratu dut, batik bat lasarte-oriatarra naizelako eta gertukoa zaidalako –garai batean bertan lanean aritu nintzen–. Baina xehetasunekin hasi aurretik, aztertzera noan agerkari digitalaren testuingurua azaldu nahi nuke.

Lasarte-Oriak gaur egun 18.000 biztanle inguru ditu. Beti ez da horrela izan; Industrializazioa zela eta, populazio hazkunde ez-kontrolatua izan zuen 1950. urtetik 1975. urtera arte; denbora tarte horretan 3.000 biztanle izatetik 17.000 biztanle izatera pasa zen. Momentuko egoera sozio-ekonomikoak eragindako inmigrazio hark euskara hizkuntza gutxitu bihurtu zuen –1973. urtean populazioaren % 19ak baino ez zekien euskaraz–.

Orduz geroztik, euskararen presentzia indartzeko hamaika ahalegin egin dira Lasarte-Orian: Landaberri ikastola, gau-eskolak, Muntteri AEK euskaltegia, Euskara Taldea, Udalaren Euskaltegia, Udaleko Euskara Batzordea, Ttakun Kultur Elkartea… Gehixeago edo gutxixeago, elkarte horietako bakoitzak egindako inurri lanaren emaitza da egungo euskararen egoera Lasarte-Orian. Azkeneko neurketaren arabera (2006), euskal hiztunen kopurua % 40ra gerturatzen da.

Ikuspegi soziolinguistikoa
Ttakun Kultur Elkartearen lana nabarmendu nahi nuke, Ttakunek marraztutako estrategiaren baitan kokatzen delako www.txintxarri.info eta Lasarte-Oriaren berreuskalduntze prozesuan Kultur Elkarteak izan duen, duen eta izango duen esku-hartzeagatik.

Ideologia eta pentsamendu politiko ezberdineko euskaltzaleek sortu zuten Ttakun Kultur Elkartea 1991n. Lehenengo agerraldian honela aurkeztu zuten elkartea: “Lasarte-Orian EUSKARAZ BIZI ahal izateko bertako euskaltzaleon elkarlana bideratuko duen erakunde bat sortu nahi dugu, horrela Lasarte-Oriako bizitzaren euskalduntzeari indarra emateko. Euskararen aldeko dinamika sozial berri bat sortzeko”.

Egitasmo ugari abiatu ditu Ttakunek, tartean Txintxarri aldizkaria. 1991tik 2000 urte bitartera, hamabostekari; 2000tik 2004ra astekari, eta orduz geroztik, astean bitan –astelehenetan eta ostiraletan– argitaratzen da egunkari formatuan. www.txintxarri.info, aldiz, 2009koa da.

Euskararen normalizazioa lortzeko bidean, Lasarte-Oriako gertakarien berri ematen dute Txintxarrik eta www.txintxarri.info-k. Herriko berriak euskaraz zabaltzeko eta irakurtzeko zegoen hutsunea betetzen dute batak zein besteak. Txintxarri etxebizitza guztietara banatzen da doan, eta agerkari digitala guztion eskura dago www.txintxarri.info web gunean. Momentuz, paperezko edizioa sustraituago dago lasarteoriatarron artean agerkari digitalari ez zaiolako behar besteko garrantzirik eman; neurri handi batean paperezkoak elikatzen du agerkari digitala.

Atalkatze garbirik ez dagoen arren, honako eduki hauek jasotzen ditu www.txintxarri.infok: kirolak, elkarrizketak, erreportajeak, kolaboratzaileen iritziak, agenda, zorion-agurrak, guardiako farmaziak, argazkiak, bideoak eta albisteak. Lehenengo zazpi atalak paperezko edizioko edukiekin osatzen dira; azkeneko hirurak, berriz –argazkiak, bideoak eta albisteak–, paperezko produktuaren osagarri dira; argazki galeriarik eta bideorik ez baitago paperezkoan, eta albisteak gertatu ahala publikatzen direlako edizio digitalean –albiste horiek paperezko edizioan jasotzen dira ondoren–.

Estiloa
Txintxarri eta www.txintxarri.info Lasarte-Oriako euskal irakurlegoari bideratutako produktuak dira. Baina xede publikoa haratago doa: euskaltegietako ikasleak, euskaldun zaharrak, erdal komunitatea, eta abar. Ezaugarri honek idazteko estiloa finkatu du; Txintxarri euskara ulergarri eta erabilgarrian idazten baita euskara batuan. Idazkera horrek eta lantzen diren gaien gertutasunak irakurleagoaren fidelizazioa ekarri du.

Fidelizazioaz haratago, Txintxarrik Lasarte-Oriako egunerokotasunean txertatzea lortu du, eta lorpen handia da hori. Ez baita beti horrela izan. Lasarte-Oriako euskal komunitateak gustura hartu zuen Txintxarri; erdal komunitateak, aldiz, urteak behar izan ditu Txintxarri onartzeko.

“Zergatik ez dituzue jatorrizko testuen alboan itzulpenak jartzen?” galdera ohikoa zen. Ez zuten aldizkaria irakurtzen, baina argazkiak begitantzen zituzten. Eta argazkietan ezagunak agertzen zirenean –sarritan gertatzen da hori; familiakoak, bizilagunak, lankideak… agertzea ez delako hain zaila–, jakin-nahia piztu ere bai.

Hortaz, Txintxarrik erdal komunitatea euskarara gerturatu duela esatea zilegi da, euskara etxe horietara sartzeko medio bakarra izan da Txintxarri. Eta bide batez, euskal komunitateak Lasarte-Oriako gertakariak euskaraz irakurtzeko premia bazuela agerian uzteko erreminta baliagarria izan da.

Zentzu horretan Txintxarri euskararen normalizazioan tresna eraginkorra izaten ari da. Doan banatzen den produktua izanik, etxe guztietara iristen delako, eta zuzenean birziklatzera botatzen duenak ere, badaki Txintxarrik Lasarte-Oriako berriak jasotzen dituela euskara hutsean. Aldizkaria doan banatu behar zela erabaki zutenek bete betean asmatu zuten euskararen normalizazioan eragiteko erreminta defizitarioa argitaratzea lehenetsi zutenean.

Gaur egungo errealitatera egokitzea
www.txintxarri.infok gaur egungo errealitatera egokitu beharko du euskararen normalizazio prozesuan eragiten jarraitu nahi badu. Eragozpen edo muga handi bat du: paperezko edizioan ez bezala, hartzaileek produktura jo behar dutela.

Sare sozialak bide-lagun beharko lituzke zeregin horretan. Momentuz Twitterreko kontua baino ez du, eta nahikoa modu sinbolikoan. Seiehun twitt baino gehiago igorri ditu; zenbaki esanguratsua izanik, jarraitzaile kopuruari erreparatzen badiogu, ez da 40ra iristen. Zerrenda aztertzen badugu, tokian tokiko hedabideak gailentzen direla ikusiko dugu. 
Ondorioa argia da: twittak sistematikoki igortzen dira, zabalkundea edo oihartzuna oso urria izango dela jakin arren. Facebook konturik ere ez du. Txintxarriko arduradunek hausnarketa egin beharko lukete, sare sozialak behar-beharrezkoak direlako hedabideen presentzia hobetzeko eta hizkuntza kokatzeko.

Hipertestualitatea, multimediatasuna eta elkarreragitea hobetu beharreko beste hiru ezaugarri dira. Hipertestualitatearena jorratu gabeko esparrua da. Internetek kazetaritza ulertzeko eta jorratzeko beste eredu bat ekarri du, aurrekoa irauliz. www.txintxarri.infok ez ditu baliatzen Internetek eskaintzen dituen aukerak. Titularrak estekatzen dira, eta informazio osatua ematen da, baina berrien arteko loturak ez da ematen informazioaren kaltetan. Hartzailea informazioa paperezko bertsioan bezala irakurtzera derrigortuta dago.

Multimediatasunaz ari garela, antzeko zerbait gertatzen da. Bideoen atala 2011ko uztailean estreinatu zen; orduz geroztik dozena bat bideo igo dira, baina grabatutako gertaerak lau baino ez dira izan. Argazki galeriak bizitza gehiago du, baina bertan argazkiak baino ezin dira ikusi.

Elkarbizitzarik gabeko multimediatasuna da. Hau da, www.txintxarri.infok ez ditu testuak, argazkiak, audioak eta irudiak albiste bakar batean jasotzen. Kazetaritza digitalaren aroan elementu horien arteko elkarbizitza ezinbestekoa baldintza da.

Elkarreragitea hobetu beharreko beste ezaugarria da. Arestian aipatu dugun bezala, Twitter kontua oso sinbolikoa da, eta momentuz, horixe da hartzaileak elkarreragiteko duen medio bakarra. Albisteetan ezin dira iruzkinak egin, inkestarik ez da plazaratzen, fororik ez dago, eta abar. Finean, informazioaren egile eta hartzaileen artean ez dago komunikaziorik.

Ondorioak
www.txintxarri.inforen azterketa egin ondoren, bi ondorio nagusi atera ditut. Batetik, paperezko edizioak 1991. urtetik egin duen bezala, edizio digitala ere euskararen normalizazioan tresna eraginkorra izan daitekeela. Lasarte-Orian geroz eta gehiago gara euskal hiztunak, eta gure herriko gertakarien berri euskaraz jasotzeko nahia badago.

Bigarren ondorioa da www.txintxarri.infok zeregin ugari duela benetako agerkari digital bihurtu nahi badu. Kazetaritza aldatzen ari da, eta aldaketaren olatura igo ezean zaharkiturik geratzeko arriskuari nola egin aurre zehaztu beharko du. Bigarren aukera da olatua hartu eta kazetaritza molde berrian surfeatzen hastea.

Institutu garaian irakasle batek sarritan errepikatzen zuen esaldiarekin gogoratu nahiz, www.txintxarri.inforen etorkizuna nola bidera daitekeen pentsatzen nenbilela. Gauzak asmatzea oso zaila dela esaten zuen, eta ondo kopiatzen ikasi behar dela; baliagarriak izan daitezkeen ereduak norberaren errealitatera egokitzen jakitea omen da gakoa. Zumaiako Baleike aldizkariaren bilakaera erreparatzea ariketa interesgarria izan daiteke.




2011(e)ko abenduaren 30(a), ostirala

Menderakaitzak irrati nobela: ausartzen zara parte hartzera?

Sormen Irratia ikasgairako produktu transmedia bat ari gara lantzen. Horretarako, Kukuxumuxuk atera berri duen Menderakaitzak kamisetan oinarritu gara. Bertan, Euskal Herriko historiako 44 emakume bildu dituzte. Hau ez da, ordea, produktu bukatu bat eta zure laguntza behar dugu istorioa amaitzeko.

Gure protagonistak, Maddik, bidaia berezi bat egingo du denboran zehar eta aurretik aipatutako emaku
me horietako batzuk ezagutuko ditu. Haiei buruz ezer gutxi daki, beraien izen abizenak eskuliburuetan agertzen ez direlako. Ziurrenik zuk ere ez dituzu ezagutuko. Jakin badakigu asko eta asko falta direla. Nork egon beharko luke? Zergatik?

Anima zaitez eta egin zure ekarpena gure istorioa borobiltzeko, ezinbestekoa dugu-eta!

2011(e)ko abenduaren 24(a), larunbata

Euskara Interneten: ur ttantta itsaso zabalean?

“Euskara putzu sakon eta ilun bat zen, eta zuek denok ur gazi bat atera zenuten handik nekez. Orain zuen bertutez zuen indarrez, euskara itsaso urdin eta zabal bat izanen da eta guria da”. Guk euskaraz, zuk zergatik ez abestirako Urkok 1976. urtean musikatu zituen Gabriel Arestiren hitzak burura etorri zaizkit joan den asteartean Leioako Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultatean jarraitu nuen Euskararen komunitate birtualak  mahai-inguruko nire blogerako sarrera idazten hasi naizenean.

Euskarazko webguneen sustapenean aitzindariak izan diren, eta diren, sei aditu gonbidatu zituzten: Luistxo Fernandez (Sustatu), Lander Arbelaitz (Argia) , Hasier Etxeberria (ZuZeu) , Idurre Eskisabel (Berria), Maite Goñi (Euskal Jakintza) eta Lontxo Sainz (EITB). Besteak beste, sareko teknologia berriek euskaldunen arteko harreman-sarea trinkotzean joka dezaketen rolaz, euskara hizkuntza gutxitua izanik Interneten izan dezakeen bilakaeraz, nerabe eta gazteak online komunitatera erakartzeko estrategiaz edota Hizkuntza Politikaz aritu ziren ordu eta erdi luze iraun zuen mahai-inguru mamitsuan.

Esandako guztiak ezin jaso, Lander Arbelaitzen emandako datu batek bereganatu zuen nire arreta. “Munduan 6.000 hizkuntza inguru daude, eta wikipedian sarrera gehien dituzten hizkuntzen sailkapenean euskara 43. hizkuntza da”. Horren harira, Maite Goñik “Interneten euskararen presentzia dagokiguna baino handiagoa” dela nabarmendu zuen, eta baieztapena arrazoitzeko “lana, lana eta lana” aipatu zituen. Alegia, euskal komunitate bat egon badagoela, eta gainera lanerako borondatea baduela.

Lontxo Sainzek Goñiren baieztapena indartu zuen. EITBko Community Manager taldeko arduradunak joan den urtean atzerriko aditu talde baten bisita jaso zutela kontatu zuen; euskal komunitatearen parte-hartze mailarekin harrituta joan omen ziren. Sainzen hitzetan, aditu taldearen ondorio nagusia honakoa izan zen: “Euskara hizkuntza gutxitua izan arren, Interneteko presentziak ez du halakorik adierazten”.

Lander Arbelaitzen iritziz zeregin horretan bide onetik goaz, baina urrats biziak ematen jarraitu behar dugu. Bilakaera hori posible egiteko “euskararen funtzionaltasuna areagotzen hasi behar dugu, gazte eta nerabeak erakarriko dituzten erregistro informalak sortuz eta paisaia linguistikoa euskaldunduz”. Internetez eta sare-sozialez ari zen.

Mahai-inguruan parte hartu zuten gainontzeko hizlariak bat etorri ziren Arbelaitzek adierazitakoarekin. Gogoa, nahia eta komunitate dinamikoa badaudela azpimarratu zuten, baina era berean, hizkuntza politika eraginkorrik ez dagoela salatu zuten. Luistxo Fernandezek, esaterako, “gure interesen aurkako hizkuntza politika” bideratzen ari direla salatu zuen eta “Interneten euskararen presentzia sustatzeko diru laguntzak lehenetsi zituen “porlanerako bideratzen direnen aurretik”. Hasier Etxeberriak ere ezinbestekotzat jo zuen administrazioaren esku-hartzea, “argi baitago publizitatearekin ezin garela urrutira iritsi”. 

Idurre Eskisabel guztien artean eszeptikoena izan zen. “Interneteko itsasoan euskara ur ttantta bat” baino ez dela eman zuen aditzera, eta “euskarak muga asko dituela”. Agian ez du arrazoi faltarik, baina adituen hitzak entzun ondoren, nire ondorioa bestelakoa da. Eta Urkoren abestia teknologia berrien arora ekarrita, euskara itsaso urdin eta zabala bihurtzeko ahalegina egiteak merezi du.

Sekretu handirik ez dago. Norberak bere esparrutik, euskararen presentzia indartu behar dugu Interneten. Euskal komunitatea txikia izango da, baina gure arbasoek auzolanean aritzea zer den ondo irakatsi digute. Badirudi administrazioaren ekarpena, ekonomikoa, alegia, ez dela nahi adinakoa izango, baina adituak/programatzaileak eta erabiltzaileak bide beretik bagoaz –lehenak euskarazko programaketa aplikazioak sortzen, eta bigarrenak, horiek lehenesten eta erabiltzen– Interneteko itsaso urdin eta zabalean euskarazko olatuetan surfean aritzeko aukera izango dugu.

2011(e)ko abenduaren 21(a), asteazkena

Negua New Yorken

Irrati era berriak: sormen irratia irakasgairako egindako audio edizioaren emaitza da honokoa. Audacity programarekin egindakoa da, eta arretaz entzuten baduzue, teknikoki ez dela batere zuzena ohartuko zarete. Pozik nago emaitzarekin, ordea. Lehenengo esperientzia izan da halako zerbait egiten, eta gutxienez buruan neukana islatuta ikusi dut. Hain zuzen, negu hotzean kalean hiltzen direnei omenalditxoa egin nahi izan diet Mikel Laboaren Gaberako aterbea abestia baliatuz (barkatuk dit Mikelek). Agian, inork entzungo balu, azaldutakoaren arrastorik ez luke antzemango, baina tira, ikasten goazen neurrian lan hobeak egingo ditugu.


Hemen doa testua

2011(e)ko abenduaren 12(a), astelehena

Negarra vs imajinazioa


Euskarazko Komunikazio Multimedia eta Digital (MM&D) hedabideen eskaintza, orokorrean, oparoa eta kalitatezkoa dela esango nuke. Gure txikitasunean, euskal hiztunon kopuruaz ari naiz –Eusko Jaurlaritzak 2009ko apirilean kaleratu zuen IV. Mapa Soziolinguistikoaren arabera Euskal Herri osoko hiztun kopurua 863.000koa da–, egitasmo interesgarri eta arrakastatsuak bideratu direlakoan nago; bi adibide aipatzearren, Goiena Komunikazio Taldea eta Sustatu Interneteko albistegia nabarmenduko nituzke, baina ez dira bakarrak.

Urte gutxi batzuen bueltan, euskarazko MM&D hedabideek “hedabideen mapa ideala” osatuz joan dira; dibertsitatea –askotariko hedabideak ditugu–, normaltasuna –egunerokotasunaren parte dira–, euskarrien aniztasuna –egunkariak, aldizkariak, Interneteko web-guneak, telebistak eta abar–, elkarkidetza –horren gustuko dugun feedback-a ahalbideratzen dute–, informazio orokorra –Berria hor daukagu–.

Baina hutsuneak ere badira. “Zeinen onak garen” edo “zeinen ondo egiten ditugun lanak” eta antzeko esaldiekin belarriak goxatzea ongi dago, baina ikuspegi kritikoa lantzea are aberasgarriagoa da, batez ere hobetzeko denean. Zentzu honetan, bi gabezia azpimarratu nahi nituzke: batetik, informazio espezializatuarena. Badira halako gai konkretu edo zehatzak lantzen dituzten hedabideak, Elhuyar Zientzia aldizkaria kasu, baina ez dira asko. Zentzu horretan, eta Euskal Herrian kirolarekiko dugun zaletasuna kontuan hartuta, apenas lantzen den esparrua dela iruditzen zait. Helburuko publikoa ez litzateke faltako.

Bigarren gabezia, larriena, auto-finantzazioarena da. Sentsazioa daukat euskal hedabideentzat instituzioetatik jasotzen dituzten diru-laguntzak ezinbestekoak direla, beharrezko makulu. Merkatu mugatua izanik, irakurle kopurua hala delako, publizitatea saltzetik lortzen diren diru-iturriak ez dira nahikoak halako hedabideak sostengatzeko.

Egoera horren aurrean bi jarrera daude. Negar egitea edo imajinazioa lantzea. Imajinazioa landu eta finantzazio bide berriak zabaltzea, sinergiak lantzea, baliabideak optimizatzea, sare sozialek eskaintzen dituzten plataforma berriak probestea… Negar gehiegi egiten dugulakoan nago, ordea.


Follow the leader

Nerabeak, Interneteko Sare Sozialak eta Euskara txostenak Bilboko nerabeek sare sozialetan gazteleraz komunikatzeko joera dutela ondorioztatzen du. Egia da Bilbo ez dela euskal hiztun gehien dituen hiria, eta badirela beste hiri eta herri “euskaldunagoak”. Euskal hiztun gehiago bizi diren herri eta hirietako nerabeen artean tendentzia –zenbaitek moda deituko dio– hori gailentzen ez ote den beldur naiz, ordea.

Izan ere, ez dago erreferenterik. Euskaraz jarduten duten tokian tokiko komunikabideek bere garaian euskal irakurleok geneukan gabezia betetzen asmatu zuten bezala –garai berrietara egokitzen asmatu dute gainera–, teknologia berriek, batez ere Tuenti, Facebook edo sare sozialek, zabaldu duten bidean nerabeak gidatzeko artzainen hutsunea sumatu dut.

Pirritx, Porrotx eta MariMotots pailazo taldea haurrentzat; Mihiluze SMSen alorrean; Anjel Alkain eta bere lantaldea umorearen esparruan edo Ken Zazpi, bakar bat esatearren, musikan erreferente argiak dira. Alabaina, ez dut ezagutzen nerabeak eta euskara sare sozialetan elkartuko dituen uztarririk.

Horrekin ez dut esan nahi ez direla existitzen, baina beste esparru horietan euskararen erabilera modu ludiko eta jolasgarrian zabaltzeko erreferenteak identifikatu eta bultzatu behar ditugu. The Soca Boys taldeak horren famatu egin zuen Follow the leader abestia gogora etorri zait, erreferenteak, liderrak behar ditugulako. Nerabeek jarraituko dituzten liderrak. Sare sozialetan euskararen presentzia bermatuko duten liderrak. 



2011(e)ko abenduaren 4(a), igandea

Uhinbak, mugikorrean euskarazko irratiak entzuteko aplikazioa

Uhinbak edonon eta edonoiz mugikorrean euskarazko irratiak entzuteko aplikazioa da. Kode libreko aplikazioa, doakoa alegia, momentuz hamar dira aplikazio honen bidez entzun daitezkeenak: Antxeta Irratia, Bilbo Hiria Irratia, Bizkaia Irratia, Euskal Irratiak –Gure Irratia, Antxeta Irratia, Xiberoko Botza eta Irulegiko Irratia–, Euskalerria Irratia, Hala Bedi Irratia, Ttan Ttakun Irratia, Txolarre Irratia, Xiberoko Botza eta Xorroxin Irratia. 
Antxeta Irratiak eta Fitbak  enpresak elkarlanean loratutako egitasmoa izan da, Berria Fundazioaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin.
Internetera konexioa duten sakelekoen etengabeko gorakada ikusiz, teknologia euskararen zerbitzura jarri nahi izan dute beste hizkuntza askok jada bazeukaten bozgorailua eskainiz. Aplikazioaren helburua honakoa da: streaming teknologia erabiliz Interneterako sarbidea duten sakelakoetan euskal irratiak entzun eta telebista ikusteko aplikazioa garatzea. Aplikazioa garatu dutenen hitzetan, egitasmoa hirukoitza da: entzun, irakurri eta ikusi. Entzun, streaming teknologiaren bidez; ikusi, euskal telebistekin –irratiekin egindako antzeko zerbait egin nahi baitute etorkizunean, eta irakurri, RSS jarioen bidez (zuzenean aplikaziora).

Aplikazioa
Erabiltzeko erraza da aplikazioa, edukietatik informazioaren arkitekturaraino guztia modu sinple eta intuitiboan baitago diseinatuta. Aplikazioak eskaintzen dituen zerbitzuak baliatzeko sakeleko telefonoa –multimedia edukiak erreproduzitu eta interneten nabigatzeko prestatu dagoena (Android /Iphone)– eta Interneterako konexioa baino ez dira behar.
Mac erabiltzen dutenek (iPhone, iPad edota ordenagailuak), eskuragarri dute App store-an. Android sistema eragilea erabiltzen dutenek, berriz, Android market-ean daukate: bilatu, deskargatu eta instalatu besterik ez da egin behar. Aplikazioa Uhinbak  webgunean ere eskura daiteke.


2011(e)ko azaroaren 1(a), asteartea

SPORT.ES ZIBER-HEDABIDEAREN ANALISIA

Ziberkazetaritza, ereduak eta genero berriak ikasgaiaren baitan, hedabide ezberdinek Interneten daukaten presentzia aztertzen ari gara. Kasu honetan, ziber-hedabideen analisia egitea egokitu zaigu. Datozen lerrootan Bartzelonako Sport  ziber-hedabidearen erradiografia egiten ahaleginduko naiz. Era berean, ziber-hedabidea hobetzen laguntzeko hausnarketa egitea da sarrera honen helburua.

Onarpen maila eta audientzia
Alexa-ko “Traffic Rank” izeneko web trafiko neurgailuak emandako datuen arabera, mundu mailako hedabideen artean 1.499 postuan dago –Espainiako hedabideen artean, berriz, 57. postuan agertzen da–. Marcarekin alderatzen badugu, Madrilgo ziber-hedabideak datu hobeak ematen ditu –mundu mailan 303 postuan dago eta Estatu mailan 10.ean–.

2011(e)ko urriaren 31(a), astelehena

Web 2.0, jarrera kontua

Erabiltzaileen partehartzean eta informazio trukaketan oinarritzen diren Interneteko web zerbitzuei deitzen diegu web 2.0. Lehenengo erreferentziak 2004 urtekoak dira, Tim O´Reilly irlandarrak eta bere lan-taldeak kontzeptua aurkeztu zutenekoak. 

WEB 2.0k Internet hankaz gora jarri du, izugarrizko iraultza ekarriz. Mezu igorle eta hartzaile tradizionalak desagertu dira; sarean komunikazioa aldebakarrekoa izatetik, aldeaniztuna izatera pasa delako.

Horren erakusgarri, egungo webgune guztiek eskaintzen diote erabiltzaileari elkarreragiteko aukera: iritzia emateko, sare sozialetan albiste/artikulu/argazkiak zabaltzeko edota edukiak sortzeko.

Plataforma ezagun asko daude Web 2.0 delakoaren baitan: Identi.ca, Wikipedia, Sustatu, Zuzeu... Erreminta horiek komunitatea ulertzeko modua aldatu dute bere zerbitzura jarri dira eta jakituria eta aberastasuna partekatuz.

Teknologia etengabeko eraldaketa prozesuan dago. Gure zerbitzura erreminta interesgarriak jartzen ditu, eta horietan sakondu behar dugu, ezagutza areagotu eta ahalik eta onura gehien atera. WEB 2.0k aukera hori ematen digu, eta aprobetxatzen jakin behar dugu. Azken finean, WEB 2.0 jarrera kontua delako.


 

2011(e)ko urriaren 17(a), astelehena

Ikaslea eta irakaslea

Aitor Azkonobieta

Azaroan hiru urte beteko dituen semeari lau gurpildun bizikletan nola ibili behar duen irakasten aritu nintzen larunbat goizean. Olentzerok ekarritako bizikleta estreinatu gabeari hautsa kendu ondoren, garajeko aterpearen eta lasaitasunaren babesean eman zituen Manexek bere lehen pedal-kolpeak.

Kaskoa jantzi, bizikleta gainean eseri eta ohartzerako, behetik gora begira neukan adi-adi, nire aholkuak entzun eta esperientzia berriari ekiteko listo. “Pedalei eragin”, “aurrera begiratu”, “jira ezkerretara, jira eskuinera”, “pareta jo aurretik frenatu” eta nola ez, “kontuz!!!”, mila bat bider, goitik behera.

Garajeari bi itzuli eman orduko, hirugarrena ematera zihoala honela esan zidan: “aita, orain hemen geratu, bakarrik emango dut hurrengo itzulia”. Edo oso irakasle ona naiz edo segituan aspertu zen konpainiarekin.

Goizeko pasartea gogora etorri zitzaidan arratsaldean, Andoaingo Bastero Kulturguneko oholtza gainean Amaia Agirre eta Ane Labaka elkarren ondoan ikustean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako lehenengo kanporaketan. Amaia Aneren bertso irakaslea izan da urtetan, eta momentu batez biak irudikatu nituen “margaritak” egiten, errimategia aberasten, argudioak lantzen, doinu berriak deskubritzen… Ane behetik gora eta Amaia goitik behera.

Manexek bere lehenengo pedal-kolpeak eman zituen larunbatean; Ane estreinakoz ari da Gipuzkoako Txapelketa Nagusian kantatzen. Anek dagoeneko ez du Amaiaren beharrik bere bertso ibilbidea urratzeko –oraindik ere aholku eske gerturatuko zaion arren–; Manexek, ordea, nire beharra izango duelakoan nago lau gurpiletik bi gurpiletarako saltoa egiteko.

Agurreko bertsoan Anek aitortu bezala, Amaia eta bera bertso irakasle-ikasle izatetik lagun izatera pasa dira. Niri ere gustatuko litzaidake urte batzuen bueltan Manexen ahotik “nire laguna” izan nahi duela entzutea.

2011(e)ko urriaren 10(a), astelehena

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenak erabakita geratu dira

Aitor Azkonobieta

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako kanporaketak amaituta, erabakita geratu dira final-laurdenetarako saioak. Atzo arratsaldean jokatu zen final-zortzirenetako zazpigarren eta azken kanporaketa Irungo Amaia Antzokian, eta Alaia Martinek eta Haritz Casabalek lortu zituzten azken txartelak; Alaiak lehenengo postua eskuratuta lortu zuen , eta Haritzek berriz, batutako puntuazioari esker.

Final-laurdenetan hogeita hamar bertsolari ariko dira. Bost kanporaketa jokatuko dira -lehenengoa hilaren 22an Oñatiko Zubikoa kiroldegian- eta hemezortzi bertsolari sailkatuko dira final-erdietarako; kanporaketa bakoitzeko irabazleak eta puntuazioaren arabera puntu gehien batzen dituzten hamaika bertsolarik. Finala abenduaren 18an jokatuko da Donostiako Illunbe zezen plazan.

2011(e)ko urriaren 9(a), igandea

Amaiurri lau parlamentari ematen dizkiote lehenengo inkestek

Aitor Azkonobieta

Amaiur koalizioari lau parlamentari ematen dizkiote lehenengo inkestek. Aralarrek, Eusko Alkartasunak, Alternatibak eta ezker abertzaleak koalizioa aurkezteko egindako agerraldi publikotik astebete pasa ez denean, electrometro.com web guneak lau parlamentari ematen dizkio azaroaren 20ko Espainiako hauteskunde orokorretan. Amaiur koalizioak datorren astean aurkeztuko ditu zerrenda-buruak eta Txelui Moreno ezker abertzaleko ordezkariak iragarri duenez, “oso izen garrantzitsuak” daude. 


2011(e)ko urriaren 5(a), asteazkena

Vozme

Las listas de tops son un método simple que tienen los profesores y los
alumnos para aprovechar los recursos de Internet centrándose en una
materia determinada. Al fin y al cabo, sólo se trata de elaborar listas
de sitios web que tratan de un tema concreto. Suelen ser preparadas y
trabajadas por el profesor o por el alumno con la finalidad de lograr
encontrar lo mejor de los mejor dentro de una lista con más o menos
hiperenlaces y con un breve comentario argumentativo de la elección.
Está claro que con las listas de tops se enseña al estudiante a hacer
selecciones correctas y a trucarlas posteriormente para su discusión.
Los alumnos y los profesores construyen una base de datos de favoritos o
bookmarks que todos los años se renueva, valiéndose de herramientas de
la web 2.0 como Diigo, iFavoritos o Blinklist.



2011(e)ko urriaren 3(a), astelehena

Hamabost urteren bueltan berriro Leioan

Badira hamamost urte Kazetaritzan lizentziatu nintzela. Orduz geroztik ez naiz gehiagotan izan Leioako unibertsitatean. Gaur, hasiberrien ilusio eta urduritasunarekin, Leioara itzuli naiz Komunikazio Multimedia Masterreko lehenengo klase egunera. Egia aitortu behar badut, nire burua lekuz kanpo dagoen irudipena dut; denbora kontua izango delakoan, esperientzia aberasgarria izatea nahiko nuke.

http://youtu.be/knB875pj_cY