2011(e)ko azaroaren 1(a), asteartea

SPORT.ES ZIBER-HEDABIDEAREN ANALISIA

Ziberkazetaritza, ereduak eta genero berriak ikasgaiaren baitan, hedabide ezberdinek Interneten daukaten presentzia aztertzen ari gara. Kasu honetan, ziber-hedabideen analisia egitea egokitu zaigu. Datozen lerrootan Bartzelonako Sport  ziber-hedabidearen erradiografia egiten ahaleginduko naiz. Era berean, ziber-hedabidea hobetzen laguntzeko hausnarketa egitea da sarrera honen helburua.

Onarpen maila eta audientzia
Alexa-ko “Traffic Rank” izeneko web trafiko neurgailuak emandako datuen arabera, mundu mailako hedabideen artean 1.499 postuan dago –Espainiako hedabideen artean, berriz, 57. postuan agertzen da–. Marcarekin alderatzen badugu, Madrilgo ziber-hedabideak datu hobeak ematen ditu –mundu mailan 303 postuan dago eta Estatu mailan 10.ean–.

2011(e)ko urriaren 31(a), astelehena

Web 2.0, jarrera kontua

Erabiltzaileen partehartzean eta informazio trukaketan oinarritzen diren Interneteko web zerbitzuei deitzen diegu web 2.0. Lehenengo erreferentziak 2004 urtekoak dira, Tim O´Reilly irlandarrak eta bere lan-taldeak kontzeptua aurkeztu zutenekoak. 

WEB 2.0k Internet hankaz gora jarri du, izugarrizko iraultza ekarriz. Mezu igorle eta hartzaile tradizionalak desagertu dira; sarean komunikazioa aldebakarrekoa izatetik, aldeaniztuna izatera pasa delako.

Horren erakusgarri, egungo webgune guztiek eskaintzen diote erabiltzaileari elkarreragiteko aukera: iritzia emateko, sare sozialetan albiste/artikulu/argazkiak zabaltzeko edota edukiak sortzeko.

Plataforma ezagun asko daude Web 2.0 delakoaren baitan: Identi.ca, Wikipedia, Sustatu, Zuzeu... Erreminta horiek komunitatea ulertzeko modua aldatu dute bere zerbitzura jarri dira eta jakituria eta aberastasuna partekatuz.

Teknologia etengabeko eraldaketa prozesuan dago. Gure zerbitzura erreminta interesgarriak jartzen ditu, eta horietan sakondu behar dugu, ezagutza areagotu eta ahalik eta onura gehien atera. WEB 2.0k aukera hori ematen digu, eta aprobetxatzen jakin behar dugu. Azken finean, WEB 2.0 jarrera kontua delako.


 

2011(e)ko urriaren 17(a), astelehena

Ikaslea eta irakaslea

Aitor Azkonobieta

Azaroan hiru urte beteko dituen semeari lau gurpildun bizikletan nola ibili behar duen irakasten aritu nintzen larunbat goizean. Olentzerok ekarritako bizikleta estreinatu gabeari hautsa kendu ondoren, garajeko aterpearen eta lasaitasunaren babesean eman zituen Manexek bere lehen pedal-kolpeak.

Kaskoa jantzi, bizikleta gainean eseri eta ohartzerako, behetik gora begira neukan adi-adi, nire aholkuak entzun eta esperientzia berriari ekiteko listo. “Pedalei eragin”, “aurrera begiratu”, “jira ezkerretara, jira eskuinera”, “pareta jo aurretik frenatu” eta nola ez, “kontuz!!!”, mila bat bider, goitik behera.

Garajeari bi itzuli eman orduko, hirugarrena ematera zihoala honela esan zidan: “aita, orain hemen geratu, bakarrik emango dut hurrengo itzulia”. Edo oso irakasle ona naiz edo segituan aspertu zen konpainiarekin.

Goizeko pasartea gogora etorri zitzaidan arratsaldean, Andoaingo Bastero Kulturguneko oholtza gainean Amaia Agirre eta Ane Labaka elkarren ondoan ikustean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final zortzirenetako lehenengo kanporaketan. Amaia Aneren bertso irakaslea izan da urtetan, eta momentu batez biak irudikatu nituen “margaritak” egiten, errimategia aberasten, argudioak lantzen, doinu berriak deskubritzen… Ane behetik gora eta Amaia goitik behera.

Manexek bere lehenengo pedal-kolpeak eman zituen larunbatean; Ane estreinakoz ari da Gipuzkoako Txapelketa Nagusian kantatzen. Anek dagoeneko ez du Amaiaren beharrik bere bertso ibilbidea urratzeko –oraindik ere aholku eske gerturatuko zaion arren–; Manexek, ordea, nire beharra izango duelakoan nago lau gurpiletik bi gurpiletarako saltoa egiteko.

Agurreko bertsoan Anek aitortu bezala, Amaia eta bera bertso irakasle-ikasle izatetik lagun izatera pasa dira. Niri ere gustatuko litzaidake urte batzuen bueltan Manexen ahotik “nire laguna” izan nahi duela entzutea.

2011(e)ko urriaren 10(a), astelehena

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenak erabakita geratu dira

Aitor Azkonobieta

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-zortzirenetako kanporaketak amaituta, erabakita geratu dira final-laurdenetarako saioak. Atzo arratsaldean jokatu zen final-zortzirenetako zazpigarren eta azken kanporaketa Irungo Amaia Antzokian, eta Alaia Martinek eta Haritz Casabalek lortu zituzten azken txartelak; Alaiak lehenengo postua eskuratuta lortu zuen , eta Haritzek berriz, batutako puntuazioari esker.

Final-laurdenetan hogeita hamar bertsolari ariko dira. Bost kanporaketa jokatuko dira -lehenengoa hilaren 22an Oñatiko Zubikoa kiroldegian- eta hemezortzi bertsolari sailkatuko dira final-erdietarako; kanporaketa bakoitzeko irabazleak eta puntuazioaren arabera puntu gehien batzen dituzten hamaika bertsolarik. Finala abenduaren 18an jokatuko da Donostiako Illunbe zezen plazan.